2008/11/22

Neska gaztea biluzik jarri da ispiluaren aurrean. Zabal-zabalak ditu mokorrak, izterren antzera. Profilez jarri eta tripa nabarmentzen zaiola ikusi du. Titiak, aldiz, txiki-txikiak ditu. Janzten den bitartean pentsatu du bere gorputza ez dagoela mundu honen neurrira eginda. Mundu honek beste molde bateko emakumeak eskatzen dituela. Hala erakusten diote egunero aldizkarietan, telebistan, arropa dendetako erakusleihoetan... Neska gazteak bere buruaren gain jartzen du erru guztia. Bera da erruduna, bera da mundu honekin bat ez datorrena, bera da aldatu behar dena, eta ez gizartea.

Emakumeak hogeita hamar urte bete ditu gaur eta noizbait ama izatea nahi badu ere, pentsatzen du atzeratu egingo duela erabakia, orain haurdun geratuz gero, ez duelako bere enpresan goi postuetara heltzeko aukerarik izango. Beste lankide batzuekin gertatu dena ikusita badaki horrela izango dela. Enpresak 24 orduz prest dauden langileak nahi ditu, arratsaldeko zortzietan biltzeko arazorik ez dutenak. Eta bere buruaren gainean jartzen du errua, bera da erruduna ama izan nahi duelako. Bera da arazoa, eta ez gizarteak ezarri digun lana antolatzeko modua.

Berrogei urteko emakumeak min du masailean. Bigarren aldia da bere senarrak zaplaztekoa ematen diona. Eta bere senarraren tratu txarren errua bere gain botatzen du. Ezertarako ez duela balio sinestarazi dio senarrak, hainbeste aldiz esan dio. Bera da arazoa, ez senarra, eta ez senarrari emaztea jipoitzeko eskubidea duela sinistarazi dion gizartea. Ez dago gizartearen neurrira eginda. Senarrak jipoitzea merezi duela sinistu du.

Hiru emakumeek sentitu dute ez daudela gizartearen neurrira eginda. Errua beraiena dela sinistarazi diete. Baina neurrira ez dagoena gizartea da. Gizarte berri bat eraikitzeko beharra dugu eta hori lortzeko lehenik eta behin jostunen patroiak aldatu behar dira. ­

No hay comentarios: